0

1

2

3

4

5

6

7

0

1

2

3

4

5


Share this post

Hizkuntza idatziaz baliatzen gara askotan arte deritzogun lengoaia sortzeko; gehienetan, hizkuntza menderatuetaz edo nazioartekoa (omen) den hizkuntzaz.  Baina zenbatetan izan da hizkuntza bera ikerlana arte plastikoetan? David Crystal filologo Irlandarrak pasadizo adierazgarri bat kontatzen digu Hizkuntzen iraultza liburuan; izan ere, laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, hizkuntzak desagertzearen gaia bere esparruan landu duten artisten adibideak bilatzen saiatu den arren, ez du ia bakar bat ere aurkitu. Animalien eta landareen kontserbazioari osoki eskainitako erakusketetan egon bada ere, ez du sekula hizkuntzen kontserbazioarekin lotutako alerik ere ikusi.

Mintzaira bakoitzaren egungo egoera historian zehar jasandako bizipenen isla da; izan ere, gure hizkuntzaren historia eta egoera, ez dira ulertzen, ez bada kontuan hartzen gure gaineko hizkuntzek eduki duten rola errealitate linguistikoaren eraikuntzan. Genozidio kulturala, burdinezko eraztuna, gorreri bisuala, menderakuntza, aurreiritziak… Hainbat termino, gai eta historia datozkit burura, gutxitutako mintzamen baten egungo egoerari arrazoiak bilatzen dizkiodanean; eta hain zuzen ere, arrazoi edo bizipen horiek dira lan honetan jorratu ditudanak.

Oraindik ere euskaraz bizitzeko ezintasunak direlako eta arte plastikoetan hizkuntza hau erabiltzeak dakarren deserosotasuna dela eta, “Gorreri bisuala” proiektuak, euskara gaur egungo minorizazio egoeran egotera eraman duten arrazoi  historikoei buruzko irakurketa bisualak egiten ditu, eta bai hizkuntzak heriotzara eraman ditzaketen aspektu sozial eta soziolinguistikoei buruzkoak. Horretarako filologo, linguista, soziologo, historialari zein artisten lanak aztergai izan ditut: Juan Carlos Moreno Cabrera, Marleen Haboud, Xabier Irujo, Joan Mari Torrealdai, Pako Aristi, Xosé-Henrique Costas, David Crystal edo Alfonso Rodriguez Castelao besteak beste.