Ikus-esparru zabalduak

Banakako erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan.

2018ko maiatzaren 5tik ekainaren 10era

‘(…) Geure kabuz, gela itxietan eta bakardadean garatzen diren lanak jorratzen ditugunok aski ongi nabaritzen dugu espazioak guregan duen eragina. Espazio horren itxierak sor dezakeen samurtasuna edo klaustrofobia, barnekotasun trankila edo antsietatea; orobat, itxidura hori hausten duten pitzadurek, arrakalek, kanpoaldearekiko loturek, eskaini dezaketen ikus-arnasa. Errepide amaigabeak legez, leihoen zentimetro gutxiko sakontasunak ihes egiteko aukera ematen digu. Barneari babesa izaten jarraitzen ahalbideratzen dio, aldaketaren aukera irekitzearen bitartez.
Leihoek, kanpoa eta barnearen arteko muga iragazteaz gain, mudatzea ekartzen dute argiaren eraginari esker. Izan ere, gela itxietan denborak ez du
ez aurrera, ez atzera egiten: aldaezin dirau argiaren intentsitateak, egunaren uneak, sentimenduaren egoerak. Beirak zeharkatuz inbaditzen gaituen argiak, aldiz, igarotzea inposatzen digu. Bere ñabardurek guztiz tindatzen dute gure lanaren emaitza; hala, arratsaldeko eguzkiak nire leihotik sartzean sortzen didan samurtasun sentsazioak blaituko du testu hau. Virginia Woolfek Rodmellen zuen idazteko gelan, gela propio hartan, mahaia espazioaren erdian jarri zuen. Aurrean zein atzean, bera inguratuz, lorategira begiratzen zuten leihoak. Argia bera zeharkatzen imajinatzen dut; neguaren hotzaren arrastoek paisaian utzitako markek eragingo zuten nolabait «To the lighthouse», udaberriko lore berrien pipilek zopatuko zuten «Orlando».

Senezkoa da beraz argia eta honen izpiek sortzen dituzten inpresioak lanabes
izan duen artista batek bereziki sentitu behar duela ingurune horren eragina, izan alaitasuna, izan tristura, izan monotonia ala ezegonkortasuna. Eta eragin horri erantzunez eraiki ditu Zaloa Ipiñak bere «Ikus-esparru zabalduak»; espazioa eta argia gai bihurtu ditu, alegia, esparru horien irudikapen bisuala lantzeko. Birritan intimoa den espazioan sarrarazten gaitu Ipiñak: bere etxebizitza den lekuan, aldi berean bere estudioa izan dena urtetan. Artistaren lan esperimentala eta bizitza pribatua elkartzen dituen espazioak halabeharrez eragin behar izan dio, bertan pasatako ordu luzeen ondorioz.
Ipiñak hasieratik ezarri nahi izan du barne eta kanpoko esparruen arteko lotura, banaketa onartezina zaiolako: ez al da egunsentiko azken argiekin nire gela txikitzen eta goibeltzen? Ez al da kanpoko paisaia nire etxearen hondo dekoratiboan bilakatzen? Metaketa hori lortzeko, muga guztiak argitu ditu, hots, espazioa zarratzen duen oro, estrukturak: plexiglasez osatu dituenez, ikusten ditugun arren ez dute gure begirada oztopatzen. Honela, arkitektura gardenak irudi opakuekin konbinatzean, joko erakargarria planteatzen digu artistak. Elementuak inbertitzen ditu, eta
lehen ixten zintuen euskarriak orain begiradarekin zeharka dezazun uzten dizu; aldiz, ihesaren alegoria zen kanpoko paisaia, bi dimentsiotako pareta bilakatzen da’.

Haizea Barcenilla

⇒ Katalogoa